jueves, 7 de diciembre de 2017

Garbitegia



GARBITEGIA

Duela gutxi garbitegi bat ireki zuten aurreko eraikinaren etxepean. Hasieran zentzugabea iritzi nion halako negozio bat abian jartzeari, ergelkeria kasik. Izan ere, deserosoa da zikindutako arropa, izara eta sukaldeko trapuekin kalera egitea, zer eta, itxoiten egon ondoren, etxera berriz igotzeko, guztia lisatzeko betekizuna buruan biraka daukazularik. Are, gurea bezalako hiri txikiak ez du pelikula amerikarretan agertzen diren garbitegi horien beharrik, auzoa ez da Brooklyn, pentsatzen nuen nire kautarako, jabeak lokala itxi eta garbigailuekin beste nonbaitera alde egiteko egunak zenbatzen nituen bitartean.

Bada, beste hainbatetan bezala, oker nenbilen. Ez negozioak lehenengo minututik sekulako arrakasta erdietsi zuelako, halakorik ez baitzen jazo, jakina, baizik eta bazuelako zabalik mantentzeko nahikoa mugimendua. Antza denez, egunetako izerdi metatua kanpoan garbitzeko premian genbiltzan auzoan, ni artean jabetu gabe. Erresistentzia ideologikoa izango zen akaso, edo gauzak ezagutu ditugun moduan mantentzeko grina atabikoa. 

Sukaldeko leihotik auzokideen harat-honat motela nekusan eta, garbitegiko beirate zabalari esker, banekien nor sartzen zen bertara, supermerkatuko poltsa berrerabilgarriak kulero, fraka eta alkandoraz lepo. Bazen adineko andraren bat edo beste, garbitegiraino tirrika-tarraka hurbiltzen zirenak, baita auzoan habia egindako artista gazte zenbait halaber. Bigarrenean bizi den Karmenen semea ere han eserita ikusten nuen askotan, zirkinik egin gabe garbigailuaren danborrari adi-adi beha. Eskizofreniak jota dago gaixoa eta botikek pott eginda uzten dute usu.

Alabaina, emakume afrikarrak, izan marokoar, nigeriar nahiz kamerundar, ziren bezerorik leialenak. Lokal barruko aulkietan orduak ematen zituzten, makinek beren arropa koloretsuak garbirik noiz itzuliko zain, imintzioz lagunduriko eztabaida ozenetan katramilaturik egun bat, hurrengoa eta hurrena.

Uste baino lehen, nire buruari zerbait promes egiten diodan orotan bezala, hitza jaten amaitu nuen, edo berdina dena, garbitegia zapaltzen. Hainbat faktorek bultzatu ninduten horretara baina horiek zerrendatzea desenkusa merkeetan galtzea bezalakoa litzateke: urrikalkorra eta alferrikakoa.

Insomnio gau batez izan zen. Garbitegiaren neoizko argiek aldizkako deiak bidaltzen zizkidaten sukaldeko leihoraino eta, loezinak nazkatuta, hiru astetan aldatu gabeko izarak eta logelako izkina batean metaturiko galtzontzillo eta galtzerdiak plastikozko poltsa zuri batean sartu eta kaleruntz egin nuen gehiegi pentsatu barik. Goizeko ordu txikiak izan arren, garbitegia irekita zegoen. Atoan ulertu nuen negozioaren indargunea: hogeita lau orduz egon zitekeen zabalik, eta onena, ezein langileren beharrik gabe, ez bazen aldian-aldian mantentze-lanetan jardungo zen norbait. Bisnes handiago baten azkenaurreko katebegi hura ireki zuena ni baino azkarragoa zen inondik inora.

Lokal hustuan sartu nintzen, txanponak eskuan. Garbigailua martxan jarri, freskagarri-makinatik lata bat te hotz atera eta aulkian eseri, dena bat. Karmenen semearekin oroitu nintzen orduan. Makinaren mugimendu biribilak lasaigarriak ziren oso; ura eta xaboia nahasterakoan sortzen zen aparra ikusteak haurtzarora eraman ninduen atzera. Ene begien aurrean nituen, hartara, igande arratsez gobada egiten zuen gure amaren irudia, galtzerdi bustien dantza eroa, bizilagun eskizofrenikoa eta Stephen Frears-en filme hartako hooligan hura. Beiratearen bestaldean, gainera, gautxorien ibilera nuen entretenimendu.

Auzo bitxia da gurea, “poliedrikoa” udalak plazaratu gida turistikoaren arabera. Kanpotarrak ez izutzeko moduko eufemismoa, "gay friendly" edo "multietnikoa" bezainbat. Etiketek diotena baino gehiago izanagatik, auzoa halakoxea ere bada. Gauez batez ere, farolen argipean era guztietako jendea elkartzen baita bazterrotan, izan astegun buruzuri zein larunbat ilunabar. Horregatik nengoen hain liluratuta garbitegitik ikus nezakeenarekin: gizon bat adinean sartutako puta batekin prezioa adostu nahirik, arestian haxixa saltzen ibilitako bi magrebtar udaltzainekin berbetan eta kebab bana jaten ziharduen bikote gaztea, denak pasatu ziren denbora gutxian ene aurretik, telebistan legez. Akaso txoko honetan eseri eta ikusitakoarekin eleberriren bat ondu nezake, etorri zitzaidan burura. 

Tea agortu nuenerako, mozkorren txanda iritsi zen. Bi kale gorago dagoen bebarrutik botako zituzten ziurrenik. Mikel zebilen haien artean, aspaldiko ezaguna izan arren lagun minek duten estatusera egundo iritsiko ez dena. Garbitegi barruan ikusi ninduenean, parranda-kideengandik zertxobait urrundu eta beiratearen beste aldetik txorakeriak egiteari lotu zitzaion. Sudurra jarri zuen kristalaren kontra aurrena, ezker masaila eta burua ondoren, eskuak eta gorputz osoa azkenik, leihoaren aurka kolpea hartu izan balu bezala.      

- Garbigailua izorratu al zaik ala? - galdegin zidan sartzerakoan, alkohol kiratsa airean zintzilikatuz.
- Ez.
- Hara... - eta pentsakor geratu zen, egin gabe neraman bizarrari begira, zigarreta bat liatzeari ekiten zion bitartean.
- Parrandan al habil? - galdetu nion isiltasuna etetearren, baina hasperen ahul bat baino ez nuen jaso erantzun modura. Begibistakoa zen, eta mozkorregi zihoan gainera.
- Eiderrek berriz utzi hau ala? - bota zuen bat-batean.
- Bai.
- Ez al din itzultzeko asmorik?
- Ez zirudik.

Mutu geratu zen, informazio guztia prozesatzea eta zigarretari azken ukitua ematea bateraezinak bailiran. Auskalo zerbait sakona gaineratu nahi zuen, une hartan agertu baitzitzaizkion gau hartako lagunetako bi, haiekin itzultzeko eskatuz. "Zaindu" mehe bat, besterik ez zitzaion atera parrandan jarraitu aurretik. Gutxira, lokal txiki hartatik bueltaka nenbilela, garbigailuak doinutxo bat jaulki zuen. Atetxoa ireki eta, aurreikusi ez bezala, galtzerdi eta izarak siku zeuden. Hezetasunik gabe, egurastuta.   

Igor Mercado Azcuenaga
#ZendaIpuinak

No hay comentarios:

Publicar un comentario